Ekitaldien zerrenda

Abenduak

01

Astelehena

19:00etan

Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida

Hitzaldia


Udalbiltzako Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak zenbait ekitaldi antolatu ditu hurrengo egunetarako, 'Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida' aurkezteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalarekin eta Zazpiak bat elkartearekin elkarlanean egindako ikerketa lan bat da, Xabier Zubialde zuzendua, eta udaletan abian jar daitezkeen jardunbide onen katalogoa biltzen du. Aurkezpenetan gidaren eduki batzuk azalduko dira eta, horrez gain, Euskal Herriko udal batzuetan aplikatzen ari diren esperientzia zehatzak aztertuko dira. Euskaraz eta erdaraz mintzatuko dute hizlariek.

Iruñean, aurkezpena abenduaren 1ean eginen da, 19:00etan Katakrak-en (kale Nagusia, 54). Honakoek hartuko dute parte: Xabier Zubialde, Igor Aldalur, Eibarko zinegotzia eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoko kidea, Ángel Hurtado, Energia Gara kooperatibako ordezkaria, Kirio Gastearena, Atarrabiako alkatea, eta Mikel Ortega, Baztango zinegotzia. Mahai-inguruan, bi udalerri hauetan abian jarritako esperientziak aztertuko dituzte.

Gasteizen, abenduaren 2an izanen da, 19:00etan, Aldabeko Gizarte Etxean (Arriagako Atea, 1-A). Gidaren egilearekin eta Igor Aldalurrekin batera, parte hartuko dute Fracking ez! plataformako kide batek eta Ramon Ajuriak, Aramaioko alkateak.

Abenduaren 3an Eibarren eginen da, EHUko Ingeniaritza Eskolan, 15:00etan. Bertan izanen dira Xabier Zubialde, Igor Aldalur eta Iñaki Gaztelu (Barrizar Kooperatiba). Jardunbide onen atalean, Lea Artibaiko analisi energetikoaz eta Ispasterko biomasako galdarari buruz mintzatuko gara.

Urriaren 30ean Nafarroa Behereko zenbait enpresaburu, hautetsi eta garapen agenteri aurkeztu genien gida, Baionako Merkataritza Ganberak eta 'Indar Développement' taldeak antolatutako jardunaldi batzuen baitan. Eta urtarrilaren 23an, berriz, Baionan eginen dugu aurkezpena, Manu Robles Arangiz Fundazioaren lokalean, Bizi! Mugimenduko kide batzuek lagunduta. Urtarrilerako aurreikusi da, halaber, Bilbon aurkeztea.

Ekimen hau Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren 'Energia burujabetza 2014-2019' programan sartuta dago, eta, haren bidez, udal hautetsien biltzarrak lehendabiziko urratsak egin nahi ditu subiranotasun eta efizientzia energetikoak lortzeko bidean, bai eta udaletan nahiz herrietan sinergiak sortu ere energia berriztagarrien ekoizpenaren inguruan. Horretarako, Udalbiltzak lankidetza hitzarmenak izenpetu ditu GoiEner eta Energia Gara (Som Energia) kooperatibekin eta I-Ener enpresarekin.